Kirolariek duten motrizitate ahalmenari deitzen zaio abiadura. Motrizitate ekintza horiek desplazatzea edo mugimendu bat ahalik eta denbora gutxienean egitea izan daitezke.
Atletismoko kasuan adibidez, 100 metro ahalik eta denbora laburrenean egiteari deituko diogu abiadura.
Futbolari baten kasuan, berriz, baloia ahalik eta azkarren eta egokien jaurtitzea izango da.
1.ABIADURA MOTAK
Abiadura motez hitz egiterakoan, abiadura ziklikoa eta abiadura ez ziklikoa ezberdinduko ditugu.
Abiadura ziklikoaz ari garenean, korrika, igeriketan edo txirrindularitzan egin beharreko mugimenduaren azkartasunaz ari gara, hau da, behin eta berriro errepikatzen den mugimenduari deitzen zaio abiadura ziklikoa. Igerian egiten den bitartean, adibidez, beso mugimenduen errepikapenari deituko zaio abiadura ziklikoa; horrela, zenbat eta azkarragoa izan mugimendua, abiadura ziklikoa orduan eta handiagoa dela esango dugu.
Abiadura ez ziklikoak, ordea, momentu jakin batean egin beharreko mugimendu baten azkartasuna adierazten du; horrela, futbolari batek baloia jaurtitzen edo jauzi bat egiten duenean abiadura ez ziklikoaz arituko gara, baita saskibaloiko jokalari batek saskira jaurtiketa bat egiten duenean ere.
2.ABIADURA OSATZEN DUTEN FAKTOREAK
ERREAKZIO ABIADURA
Erreakzio abiadura, estimulu baten aurrean ahalik eta azkarren erantzuteko ahalmena da. Estimuluaren eta gihar kontrakzioaren artean iragandako denbora izango da erreakzio abiadura. Atletismoko lasterketetan, adibidez, irteera epailearen tiroa izan daiteke estimulua, edo boxeoan, berriz, aurkariaren ukabilkada.
UZKURTZE ABIADURA
Giharren uzkurtze abiadura giharretako zuntz moten araberakoa izango da. Zuntz horiek bi motatakoak izan daitezke. Lehenik kontrakzio moteleko zuntzak daude, ST zuntzak ere deitzen zaienak. Horien eroate abiadura motela da.Beste batzuk kontrakzio azkarrekoak edo FT zuntzak dira. Horien eroate abiadura azkarragoa da.
FT zuntzek ST zuntzek baino denbora gutxiago behar dute uzkurtzeko. Gizaki bakoitzari herentziaz datorkio ST eta FT zuntzen arteko proportzioa, eta giharren uzkurtze abiadura ere proportzio horren arabera izango du
neurri handi batean. FT zuntz asko dituen pertsona batek gaitasun gehiago izango du abiadura hartzeko eta
mugimendu azkarrak egiteko, eta ST zuntz asko dituen pertsona batek, berriz, erresistentziarako
izango du gaitasun gehiago.
DESPLAZAMENDU ABIADURA
Desplazamendu abiadura, distantzia bat ahalik eta denbora tarte txikienean egiteari deitzen zaio. Fisikaren arloan abiadura esaten zaio ikuspuntu horri.
Desplazamendu abiaduran hiru fase daude.
1. Azelerazio fasea: abiadura gorena lortu arteko fasea da. Bertan garrantzia handia du indar lehergarriak, azelerazio fasea horren araberakoa izango baita. Egin beharreko distantzia zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta garrantzia gehiago izango du azelerazio faseak.
2. Abiadura goreneko fasea: bere ezaugarrien arabera kirolaria lehenago edo beranduago iritsiko da abiadura goreneko fasera, gizonezkoak 60-65 metrotan eta emakumezkoak 50-60 metrotan. Abiadura gorena, pausoaren luzera eta maiztasunaren arteko erlazioa egokia denean lortuko da. Behin abiadura gorena lortu denean, ahalik etadenbora gehien mantendu behar da.
3. Dezelerazio fasea: nerbio eta muskulu sistemak nekatzen direnean dezelerazioaren fasea dator. Goi mailako kirolariak, dena den, fase hori atzeratzen saiatzen dira. Adibidez, 100 metroko lasterketak prestatzen dituzten eliteko kirolariak 90-95 metrotan hasi ohi dira dezeleratzen. Hasiberriak, aldiz, 70 metrotan.